XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Entsegu psikoakustikoak

Zientzilariek eta injineruek zarataren aurrean gizonak duen reakzio asko aztertu dute.

Adibidez, pertsona askorekin gela oso isil batetan entzun ditzaketen soinurik ttipienen neurketa-entseguak egin dituzte (entzumenaren behe muga), oinazea sortzeraino diren zarata mailik eta pertsona desberdinek iger ditzaketen maila eta maiztasun aldaketa ttipienak neurtu dituzte.

Entsegulari hauek pertsona desberdinei lehen entzun duten zenbait maila ezaguneko zarata birregin dezaten eskatzen diete edo ta entzun arazi dieten zarata multzo bat sailka dezatela, ttipitik haundira, zenbaki batzuren bidez.

Reakzio hauen neurketak baldintza ezezagunen menpean ez daitezen egin, entsegulariek entzuleak dauden lekuko baldintzak sinpletzen ahalegindu dira.

Sinpletze hau, batez ere, soinuaren ezagugarri bat edo beste aldatzen den bitartean, ahalik eta baldintza gehienak aldatu gabe iraun eraztean datza.

Zaindu eta zehaztu diren baldintzetarik batzu, hauexek dira: entzulearen ingurune fisikoa, batez ere giro-zarataren maila; soinu aldakorrak entzun arazteko metodoa, entzun arazten dizkieten zaraten ordenua, iraupena, maiztasuna eta intentsitatea; entzuleen hautamena; entzuleei emandako aginduak; entzuleen entzumen normaleko ezagugarriak; erantzunak jasotzeko metodoa eta datoak erabiltzeko metodoa.

Neurketa baldintzak aldatuko balira, emaitza okerrak lortuko lirateke.

Horregatik bilatzen dira baldintza zehatz eta zainduok.

Jakingarri da, baldintza desberdinek neurketak nola eta zenbat alda ditzaketen.

Adibidez, gelako tenperaturaren aldaketa ttipiek ez dute eragin nabarmenik, baina entzuleari entzumenaren behe muga neurtu aurretxoan, burrundara motel bat entzun arazten bazaio, denboraldi batez egiten diren neurketek behar baino behe muga altuagoa emanen dute.

Entzuleak bere inpresioak azal ditzan erabiltzen den metodoak ere, asko esan nahi du ondorioak ateratzeko garaian.

Metodo asko erabili dira horretarako; hauk adibidez: 1) Entzuleak entsegua egiteko maila egokia irizten duena, kontrol batez ajustatzen du.

2) iger dezaken diferentziarik ttipiena adierazteko, entzuleak bi soinu desberdin direla esaterainoko diferentzia noiz duten esaten du.